XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sorginzuloak

Etxe askotan omen zeuden antzina, eta bertatik irteten ziren sorginak, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, beren akelarretara joateko.

Ni nago sorginkeriarekin zer ikusirik ez zutenen etxeetan sartu ere egiten zirela.

Landerretxek kontatzen duen usadio baten arabera, inork etxeko atean jotzen duenean, atea ireki ordez, zein da hor? galdetu behar omen da, atearen beste aldekoa sorgin bat izan omen daiteke eta.

Horregatik, atean deika ari zenak ondoko hitzak esanez lasaitzen omen du etxekoa:

- Zeina hor! (egizu hor Aitaren!, alegia)

Sortu da jende txiki perrua

Kixmik, azkeneko jentilak, Kristo jaio zela ikusirik, bere buruaz beste egin baino lehen esan omen zituen hitzak dira:


Sortu da jende txiki perroa,
akabatu da jende humanoa!

Bouhamil Hrabal nobelagile eta poeta txekiarrak kontatzen du ondorengo gertakizuna: Kopernikoren teoria heliozentrikoa argitaratu zenean, Pragako fraile batzuek, astronomoak arrazoia zuela ikusirik, beren buruaz beste egin zuten Elizarekin bekoz beko ez jartzeagatik.

Sugeak egingo ahal dizu ohea!

Euskal tradizioan agertzen den madarikaziorik bortitzenetako bat da.

Emakume batek amaginarrebaren aurka esaten du Frantzia Korteko saileko baladan:


Ai, neure amaginarreba
muskerrez betea,
sugeak egingo ahal dizu
arratserako ohea!

Adolfo Arejitaren esanetan, Frantzia kortekoa da euskal baladategian ugariena eta sarriena.

Bizkaian bildu dira aldaera gehienak (dozenatik gora).